Kirola

2 comentarios:

  1. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  2. Brusela daukate gainean
    Europako Batasunak ikerketa bat hasiko du Athleticek eta Osasunak legez kanpoko diru laguntzak jaso ote dituzten argitzeko

    Elkarte anonimoak ez izatea eta San Mames Barria elkartearen osaketa aztertuko ditu
    JULEN ETXEBERRIA

    Bi langile, San Mameseko estadio berriaren eraikuntzako lanak ikusten, joan den abuztuan. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
    Opor fiskalak, 'tax lease'-a eta, orain, futbola
    Europako Batzordeak ikerketa bat hasiko du aste honetan Espainiako Ligako zazpi taldek legez kanpoko diru laguntzak jaso ote dituzten argitzeko. Bi euskal talde daude EBk ikertuko dituenen artean: Athletic eta Osasuna. Bartzelona, Real Madril, Valentzia, Hercules eta Elx dira Europako Batasunaren jomugan dauden beste bost taldeak.

    Euskal taldeei dagokienez, bi dira Bruselak haiek ikertzeko aipatutako arrazoiak. Bata: Athletic eta Osasuna ez direla elkarte anonimoak —Athletic, Osasuna, Bartzelona eta Real Madril dira Lehen Mailan elkarte anonimo ez diren klub bakarrak—. EBren arabera, elkarte anomimo ez izateak abantaila eman diezaieke zergetan. Beste arrazoia, berriz, finantzaketari dagokio. Eta horretan talde zuri-gorria du jomugan Bruselak, edo zehatzago izanda, San Mames estadio berria eraikitzeko sortutako elkartea, San Mames Barria, hain zuzen ere. Joaquin Almunia Lehia komisarioa buru duen batzordeak —Almunia bilbotarra da jaiotzez, eta Athleticeko bazkide ere bada— San Mames Barriaren osaketa ikertuko du, horretan ere legez kanpoko diru laguntzak egin diren aztertzeko.

    «Ez da legez kanpoko ezer egin, eta, horregatik, gobernua azkeneraino borrokatuko da Espainiako kluben defentsan, horiek ere Espainia zeinuaren barruan daudelako», esan zuen atzo Jose Manuel Garcia-Margallok, Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak. Garcia-Margallo bera izan zen EBren asmoaren berri eman zuena, Bruselatik bertatik (Belgika). Almuniari gaiaz galdetu zioten, baina ez zuen adierazpenik egin nahi izan.

    Atzerri ministroa «kezkatuta» azaldu zen EBren asmoek Espainiako futbol klubei egin diezaioketen «kaltearekin». Horregatik, azpimarratu zuen ez dela egon «ez arrazoirik gabeko tratamendurik, ez tratamendu zentzugabekorik, ezta ere Europako araudia hauts dezakeen tratamendurik».

    Garcia-Margallok azaldu zuenez, Europako Batasunak bihar edo etzi egingo du ofizial ikerketa bat hasi duela. Hori egitearekin batera, hilabeteko epea irekiko da helegiteak aurkezteko. «Gobernuak prest ditu bereak», azpimarratu zuen. Hilabete hori pasatuta, berriz, hiru hilabeteko beste epe bat egongo da, beste inork helegiteren bat aurkeztu nahi badu. Behin epe hori beteta hartuko du erabaki bat EBk. Bi dira aukerak: bata, zazpi klub horiek jasotako diru laguntzak legezkotzat jotzea eta kasua ixtea; eta bestea, berriz, diru laguntza horiek legez kanpokotzat jotzea eta klubei diru laguntza horiek jasotzera behartzea.

    218 milioi bost kideren artean

    Bruselak hartutako erabakia ez da ezustekoa izan, aspaldi zebilelako gaia ikertzen. Elkarte anonimo ez ziren klubak zituen susmopean, hori baliatuz zergetan abantailak zituztelakoan. Berria da, ordea, Baina San Mames Barria elkarteari dagokion ikerketa. Athleticen estadio berria eraikitzeko sortutako finantzaketa elkartea da San Mames Barria. Bost kide ditu: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia, Kutxabank, Bilboko Udala eta Athletic bera. Kide bakoitzak bere ekarpena egin zuen estadio berria egiteak zekarren gastuari aurre egiteko. Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Kutxabankek bakoitzak 55 milioi euro jarri zituen, Athleticek 42 milioi eta Bilboko Udalak 11 milioi. Guztira, 218 milioi euro. Horren osaketa ikertuko du EBk.

    Athleticek ez zuen adierazpenik egin atzo, eta gaurko deitu zituen komunikabideak. Izan ere, Josu Urrutia klubeko presidenteak prentsaurrekoa emango du 12:30ean Ibaiganeko jauregian.

    ResponderEliminar